Argitalpen berria: “Hurbilketa kritikoak 2030 Agendara begirada global-lokal batetik”

2030 Agenda eta haren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) anbizio handiko esparru global bat dira, etorkizun justuagoa eta ekitatiboagoa eraikitzeko. Hala ere, haien eragina benetan eraldatzailea izan dadin, funtsezkoa da erronka global horiek elkar nola gurutzatzen duten eta tokian tokiko errealitateetan nola agertzen diren ulertzea. Eta, alderantziz, ezin dugu 2030 Agendaren ezarpena gure tokiko testuinguruetara mugatu, kontuan hartu gabe zer eragin duten lurralde eta eskualdeen arteko elkarmendekotasunek 17 GJHak lortzeko aurrerabidean.

Euskaditik Mundura ekimenean, funtsezko gurutzagune horren gaineko hausnarketa sustatu dugu. Horregatik, atsegin handiz aurkezten dizuegu gure azken argitalpena: “Hurbilketa kritikoak 2030 Agendara begirada global-lokal batetik”. Dokumentu hori elkarlan eta gogoeta-lan baten fruitu da, eta 2030 Agenda ikuspegi bikoitz batetik aztertzeko gonbita egiten digu: Euskadin 2030 Agenda lokalizatzeko zailtasunak erronka globalagoekin uztartuz, unibertsala eta partikularra lotuz.

Zer aurkituko duzue argitalpen honetan?

Akademiak eta gizarte-erakundeek landutako zortzi testu jasotzen ditu argitalpen honek: lau Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek idatziak, eta lau Alboan Fundazioaren erakunde aliatuetako kideek. Testuek ikuspegi glokaletik jorratzen dituzte justizia sozial garaikiderako muinekoak diren lau gai: giza eskubideak, hezkuntza, genero-berdintasuna eta gizartearen eta ingurumenaren jasangarritasuna.

Ardatz tematiko bakoitzak argi uzten du zer muga dituen 2030 Agendak gaur egun, adierazi eta ezarri den moduan, eta, aldi berean, hura oinarritik aberasten duten interpretazio-esparruak eta esperientzia praktikoak eskaintzen ditu. Hain zuzen, proiektuari hasiera ematean sortu ziren mahai tematikoek gogoeta-prozesuari ekiteko erabili zituzten testu horiek. Haien lanari buru emateko, “II. Euskaditik Mundura Jardunaldiak: Etorkizuneko aukerak Euskal 2030 Agendarako” egin ziren iragan maiatzaren 27an Deustuko Unibertsitatean. Jardunaldi horietan aurkeztu zen argitalpena, eta jada eskuragai dago, formatu fisiko nahiz digitalean.

Esker bereziak

Alboan Fundazioak eta Deustuko Unibertsitateak –proiektua sustatzen duten entitateak– bere esker beroenak eman nahi dizkiete argitalpen hau egitea ahalbidetu duten pertsona eta erakunde guztiei. Haien eskuzabaltasuna, jakintzak eta konpromisoa funtsezko oinarriak izan dira.

Garapen jasangarriaren, ekitatearen eta justiziaren etorkizunak grina berezia pizten badizu, deskargatu eta irakurri “Hurbilketa kritikoak 2030 Agendara begirada global-lokal batetik”. Ziur gaude ikuspegi baliotsuak eskainiko dizkizuela, eta etorkizun justuago eta jasangarriagoa eraikitzen jarraitzeko adorea emango dizuela.

Kopia fisikoa lortu nahi baduzu, helbide honetara idatz dezakezu: alboan@alboan.org

Izakinak amaitu arte eskuratu ahal izango dira.

Zuen ohar eta gogoeten zain geratzen gara!

Scroll to Top