amazonia

Ongi etorri Euskaditik Munduragunera!

Gaur jartzen dugu martxan, estreinakoz, 2030 Agendaren inguruan hausnartzeko gune hau, funtsezko galdera batzuei erantzun nahian: Nolakoa izango da etorkizuneko Euskadi? Lortuko al ditugu Garapen Jasangarriko Helburuak? Zeren baitan daude etorkizun posible horiek?

Duela hamar urte jada, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda, pertsonen, planetaren eta oparotasunaren aldeko ekintza-plan bat. Garapen Jasangarriko 17 Helburutan (GJH) egituratzen da, eta 169 jomuga oso eta zatiezin biltzen ditu, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloetakoak. Jomuga horiek, beste erronka batzuen artean, pobrezia, desberdintasunak, klima-aldaketa eta justizia soziala jorratzen dituzte.

Konpromiso komun eta unibertsala bada ere, herrialde eta eskualde bakoitzak bere erronkak ditu, bere historiaren, geografiaren, garapen sozioekonomikoko mailen eta biztanleria-ezaugarrien arabera. Beraz, 2030 Agendak ez du lurralde guztietarako ibilbide-orri bera ezartzen politika publikoen arloan; aitzitik, erreferentzia-puntu batzuk eskaintzen ditu, konpromiso horiek errealitate bakoitzera egokitu daitezen, eta, tokian-tokian, elkarrizketa politikoaren, gizarte zibilaren parte-hartzearen eta aliantzen bidez zehaztu daitezela proposatzen du.

Euskaditik Mundura Alboan Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen proiektu bat da. Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) euskal testuinguruan nola aplikatzen diren modu kritikoan aztertzeko sortu da, eta gure asmoa da globaltasunaren eta giza eskubideen ikuspegi batetik aztertzea aplikazio hori.

2030 Agenda praktikan jartzean sortzen diren erronkei, kontraesanei eta aukerei buruzko eztabaida ireki nahi dugu. Horretarako, gai hauek aztertuko ditugu:

✔️ Politiken koherentzia: Benetan al goaz eredu jasangarri eta justu baterantz?
✔️ Inpaktu globalak: Zer eragin dute tokiko erabakiek munduko beste leku batzuetan?
✔️ Gizarte zibilaren eginkizuna: Zer egin dezakegu garapena benetan eraldatzailea izan dadin?

Webgune hau azterketarako, hausnarketarako eta aktibismorako topagune bat izango da. Artikulu, ikerketa eta esperientzien bidez, elkarrizketa informatua eta kritikoa izaten lagundu nahi dugu. Proiektuan parte hartzen duten kolektiboekin egingo ditugun jarduerei buruzko

informazioa ere aurkituko duzu: boluntario taldeak, ikasleak, Hegoalde Globaleko erakunde aliatuak, hezitzaileak eta askoz gehiago!

📢 Edukia miatzera, zure gogoetak partekatzera eta bidaia honen parte izatera gonbidatzen zaitugu. Eraiki dezagun elkarrekin etorkizun justuago eta iraunkorrago bat!

#EuskaditikMundura #2030Agenda #GizaEskubideak #JustiziaGlobala

Scroll to Top