Juliana Yael Milovichek, Ekonomian doktore eta Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaileak, bere unibertsitatean arlo horretan egin duten lana azalduko du
Eguna: 2025eko abenduaren 3a, asteazkena.
Ordua: 10:00-12:00
Tokia: Areto Digitala, Matteo Ricci eraikina, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa.
Datorren abenduaren 3an, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean “Justizia globala eta tokiko konpromisoa: pobrezia multidimentsionalari eta Agenda 2030 eraldatzaile baterako tokiko estrategiei buruzko elkarrizketak” jardunaldia izango da. Bertan, Euskadik Garapen Jasangarrirako Helburuei egin dien ekarpenaren inguruko hausnarketa kolektiboko prozesuaren emaitzak aurkeztuko dira, Deustuko Unibertsitateak eta Alboanek bideratutako Euskaditik Mundura proiektuaren barruan. Jardunaldian Juliana Yael Milovichen hitzaldi bat ere izango da. Juliana Oxfordeko Unibertsitateko ikertzailea da, eta Ekonomian doktorea Paris Nanterre Unibertsitatean. Munduko Elikadura Sistemen UNESCO Katedraren Doktorego Saria jaso zuen 2022an. 2016az geroztik, OPHIko ikerketa taldeko kide da, eta Pobrezia Multidimentsionalaren Indize Globalaren kalkuluan laguntzen du. Gainera, nazioartean politika publikoak ezartzeko aholkularia ere bada.
Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak mugarri bat ezarri du nazioarteko lankidetzaren azken urteetako historian, eta nagusi den garapen eredua birpentsatzeko premiazko gonbidapena ere bada. Jardunaldi honetan, Oxfordeko Unibertsitateko punta-puntako ikerketa eta Euskaditik Mundura prozesu parte hartzailean sortutako proposamenak lotuko dira. Garapenaren ikuspegi bidezkoagoa eta jasangarriagoa birpentsatzeko, eztabaidatzeko eta eraikitzeko espazioa izango da.
“Euskaditik Mundura: Euskadiko 2030 Agendaren hurbilketa kritikoa” proiektua Alboanek eta Deustuko Unibertsitateak bideratzen dute, eta Euskadiko 2030 Agendari buruzko hausnarketa kritikoa sustatu nahi du, eta aurrera egiteko proposamen zehatzak sortu, globaltasunaren eta giza eskubideen ikuspegitik. Ariketa horrek hausnarketa prospektiborako guneak sortu ditu hainbat gizarte eragileren artean, etorkizuneko imajinarioak identifikatzeko eta gomendioak egiteko, euskal politika publikoetan giza eskubideen eta justizia globalaren ikuspegia integratzeko.


