Deustuko Unibertsitateak eta Alboan Fundazioak sustatutako Euskaditik Mundura proiektuak Euskadiren etorkizuna markatuko duten erronkei aurrea hartzeko hausnarketa-guneak sortzen jarraitzen du. Oraingo honetan, Genero Berdintasunari buruzko Lantaldeak prospekzio-ariketa bat egin du, hemendik 2040ra 5. GJH betetzeko eragina izango duten faktoreak aztertzeko, bai eta gizarte bidezkoago eta berdinago baterantz aurrera egiteko aukera posibleak aztertzeko ere.
Taldeak, esparru akademikoko eta Hirugarren Sektoreko adituek osatua, genero-berdintasunaren bilakaera zehaztuko duten zenbait faktore gako identifikatu zituen: zainketa-ereduaren krisia, egungo olatu atzerakoia, garapen teknologikoa, genero-rolen eraldaketa, esparru juridikoa, balioetan oinarritutako hezkuntza edo sektore publikoak politika sendoak bultzatzeko duen gaitasuna. Elementu horiei esker, askotariko etorkizunak proiekta daitezke, bai eredu erregresiboak, bai aurrerapen handiko egoerak.
Funtsezko bi ardatzen gurutzaketatik abiatuta —zaintza-ereduaren krisiari irtenbidea ematea eta sektore publikoak berdintasunaren arloan duen rola—, etorkizuneko lau agertoki identifikatu ziren. Besteak beste, taldeak “Zaintza” aldarrikatu zuen etorkizun desiragarri gisa. Termino horrekin, zaintza sozialki eta ekonomikoki errebalorizatzen duen, emakumeen eta gizonen artean erantzunkidetasunez banatzen duen eta babes publiko handia duen eredu bati egiten diote erreferentzia. Ikuspegi horrek eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa kokatzen du zaintza, gizarte-kohesioa indartzeko, demokrazia sakontzeko eta pertsona guztientzako ongizatea sortzeko gai dena.
Txostenak hainbat ildo estrategiko proposatzen ditu agertoki horretarantz joateko: adin goiztiarretatik hezkuntzan genero-berdintasuna txertatzea; lan-politika eta lege-esparru sendoen bidez zaintza-lana duintzea; zaintza-sistema publiko unibertsala eta kalitatezkoa bultzatzea; zaintzari buruzko narratiba sozialak eraldatzea; lidergo anitzak eta inklusiboak sustatzea; eta ezberdintasun anitzei erantzuteko gai izango diren ikuspegi intersekzionaleko politikak garatzea.
Horrez gain, eragile sozial ezberdinen arteko ekintza koordinatuaren beharra nabarmentzen du txostenak: familia eta pertsona zaintzaileak, kolektibo migratzaileak, komunitatea eta auzotarrak, mugimendu feministak eta LGTBIQ+, elkarteak eta Hirugarren Sektorea, erakunde publikoak, lan eragileak, sektore pribatua, unibertsitateak, komunikabideak edo hirigintza, kultura eta antzeko esparruak. Haietako bakoitzak funtsezko zeregina betetzen du gizarte-eredu berri horren eraikuntza kolektiboan.
Hausnarketa horiek zehatzago aztertzeko gonbita egiten dizugu, taldearen txosten osoa eta laburpen-bideoa kontsultatuz. Bertan, Euskadin etorkizun feminista eta inklusiborantz aurrera egiteko ditugun aukerak eta gaur egungo erronkak ulertzeko gako eskuragarriak aurkituko dituzu.
Euskaditik Mundura proiektuaren bitartez, zaintzarako eskubidea, genero-berdintasuna eta gizarte bidezkoagoak eta jasangarriagoak elkarrekin eraikitzeko konpromisoa berresten dugu.

